Donostian, ez; Iruran, bai!
- ametsaxareirura
- Nov 25, 2024
- 2 min read

Donostiako Maratoia bertan behera geratu zen eguraldi txarrarengatik, baina Iruran, Ametsa trinketean, ostiral arratsaldean eman genion hasera xareko maratoiari.
Iparraldeko 24-25 Neguko Xare Txapelketaren ligaxkako azken aurreko jardunaldia zegoen jokoan batzuentzat, eta, azkena, beste batzuentzat.
Oier Iturbe eta Markel Mujika bikoak eman zion hasera jardunaldiari ostiral arratsaldean, eta 40-23 irabazi zion Paul-Cassaing Baionako bikoari. Nahiko erraz nagusitu omen ziren irurarrak;
txukun aritu omen ziren Oier eta Markel, eta ohi baino huts gehiago egin omen zituzten baionarrek, berri emaileen arabera.
Larunbat goizean, Xuban Lopetegi eta Aitor Aristiren txanda izan zen; hauek ligaxkako azken partida zuten, eta multzoko bigarren izateko eta final-erdietara zuzenean pasatzeko, ezinbestekoa zuten irabaztea, eta ez zuten hutsik egin, 40-36 irabazi baitzuten. Haseratik menpean izan zuten Xubanek eta Aitorrek partida, eta gehiago izan ziren bai jokoan bai markagailuan; azken hamarkadan, ordea, markagailua oso alde zutela, beherakada txiki bat izan zuten irurarrek, eta urruñarrek ia partida berdintzea lortu zuten partida estutuz; ez ziren urduri jarri irurarrak, eta azkenean partida (40-36) irabaztea lortu zuten. Garaipen honekin, multzoko bigarren postua lortzeko aukerekin jarraitzen dute, baina atzeratuta dauden beste emaitza batzuen zain geratu beharko dute, finalerdietara zuzenean sailkatu nahi badute.
Igande goizean, Izei Garmendiak eta Ur Aristik ez zuten kupidarik izan, eta 40-10 irabazi zieten Hardoytarrak taldeko Gogni-Tessoroto bikoari. Ur atzean sendo eta Izei tantuak amaitzen bikain aritu omen ziren, Iñaki Garmendiaren arabera.
Goizean, Iruñean, Matxalen Mendizabalek eta Oier Iturbek, bere garaian atzeratutako partida zuten jokoan, , eta azken bolada onari eutsiz, estuasunik gabe(19-40) irabazi zieten Auñamendiko Montaba-Irigarai bikoari. Matxalenek eta Oierrek azken aurreko partida zuten, eta sailkapenari begira etxeko lanak eginak dituzte, sailkapeneko laugarren postua eskura baitute. Ligaxkako azkena jokatzera, berriro Iruñera itzuli beharko dute datorren asteburuan.
Atsedenik hartu gabe, igande arratsaldean, Ametsa trinketean genuen berriro hitzordua. Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak, Noizbait taldeko Bros-Errotabehere bikoa hartu zuten ligaxkako azken partida jokatzeko.
Unaik eta Oierrek multzoko lehen postua zuten jokoan; horretarako ezinbestekoa zuten irabaztea, eta partida osoan markagailuan nagusi izan baziren ere, azkenera arte zalantzak izan genituen Ametsa trinketean hurbildu ginenok. Hala ere, gauzak estu samar jarri zirenean, Unai eta Oier ez ziren urduri jarri, eta amaieran (40-31) garaipen oso garrantzitsua lortu zuten. Honenbeztez, multzo-buru geratu dira, eta, ondorioz, kanporaketarik jokatu gabe, final-laurdenetara zuzenean sailkatzea lortu dute, eta baita kantxa faktorea ere.
Jardunaldi maratonianoa amaitzeko, goizean erraz irabazi eta gero, sailkatzeko partida guztiz garrantzitsua zuten jokoan Izei Garmendiak eta Ur Aristik; Noizbait taldeko Noblia-Hirigoien bikoaren kontra jokatu behar zuten. Gaztetxoak dira Izei eta Ur, eta partidaren garrantzia ikusita, urduri egoteko motiboak bazituzten, erantzunkizun handiko partida zutelako, baina plaza-gizonak direla erakutsi ziguten biek; izugarruzko partida jokatu zuten, eurak baino askoz zaharragoak diren hazpandarrei hortzak erakutsi eta garaipena zail jarriz. Partida irabazteko aukera ere izan zutela esango nuke, baina azken momentuan egin zituzten huts tekniko eta taktiko batzuen erruz, normalak adin horretan, garaipenetik oso gertu geratu ziren, 36-40 partida galduz. Txapelketatik at geratu dira, baina bejondeiela biei; ziur bainago urte gutxi barru txapelketa hau irabaziko dutela.
Zorionak!












Comments