top of page

Ez da posible izan!


Eneko Larrañagak eta Mikel Satrustegik, zail bazeukaten ere,  euren esku zuten ligaxkako final-laudenetarako sailkapena lortzea; horretarako asteburuan zituzten bi partidetako bat irabaztearekin aski zuten, baina ez da posible izan, eta bi partidak galduta, Txapelketatik kanporatuak geratu dira. 

Larunbatean, Urruñan, Urruñarrak taldeko   Irastorza-Truck  bikoak  40-29 irabazi zion  Larrañaga II-  Satrustegi  bikoari.  Hortaz, lehen aukera galduta, bigarren aukera igande goizean, Iruran,   Hazparneko Noizbait taldeko  Vanwesemael-Datas bikoaren kontra zeukaten; aukera hau ere  ez zuten baliatu Enekok eta Mikelek,  eta  15-40 galduta,  Txapelketatik  kanporatuak geratu dira irurarrak.  Hala ere, gure mutikoen alde, esan behar da eurak baino hiruzpalau  urte zaharragoak diren  pilotarien  kontra aritu direla  txapelketa jokatzen,  eta adin honetan alde hori erabakiorra izaten da kasurik gehienetan. Iritsiko zaie Ametsako pilotariei  euren maila erakusteko garaia hemendik gutxira. 

Igandeko bigarren partidan, Gazte mailako  final-laudenetara sailkatzeko  kanporaketa zegoen jokoan. Ametsako Ander Mujikak eta Ibai Larrañagak, Hazparneko Noizbait taldeko   Bros-Errotabehere bikoaren kontra jokatzen zuten,  eta oraingoan ere ez da posible izan, eta irurarrek 40-23 galdu zuten hazpandarren kontra. Ondorioz,   Ander eta Ibai ere txapelketatik kanporatuak izan dira. Hauen alde ere esan behar da, hauek ere eurak baino hiruzpalau urte zaharragoen kontra aritu direla txapelketa jokatzen. Hauentzat ere Gaztetxoentzat emandako aholkuak balio du; alegia, zuen maila erakusteko garaia helduko zaizuela berandu baino lehen. 

Asteburu honetan jokatu den azken partidan ere ez da zorterik izan. Oier Iturbek eta Markel Mujikak 36-40 galdu dute Iruñean  Auñamendi taldeko Saralegi-Arcelus bikoaren kontra. Emaitza honekin  irurarrak 4garren geratu dira ligaxkan, eta datorren asteburuan final-laurdenak izango dituzte jokoan. 


 
 
 

Comments


bottom of page