top of page

Iparraldeko xare Txapelketaren finalerdiak Hazparnen

Iparraldeko 24-25 Neguko Xare Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira igandean, abenduaren 15ean, Hazparneko  Berria trinketean.  

Ametsa Pilota Elkarteko bi bikote sailkatu dira finalerdietarako: Unai Gibelalde-Oier Garmendia, Gazte mailan, eta Xuban Lopetegi-Aitor Aristi, junior mailan. 

Unai  Gibelaldek eta Oier Gamendiak, Angeluko Hardoytarrak taldeko Hodei Ondarts eta Pablo Boutoille bikoaren kontra jokatuko dute. 

Angeluarrak dira faborito;  ligaxkan elkarren aurka, Iruran,  jokatutako partida Hodeik eta   Pablok irabazi zuten.  Hodei Ondartsek, oso sake bortitza du eta sakez tantu pila bat egin zituen,  jokaldi horrekin  min handia eginez. Ligaxkako lehen partida zen,  eta  Unaik eta Oierrek,  geroztik ez dute partida bakar bat ere galdu, eta joku bolada onean amaitzen ari dira txapelketa.  Unaik eta Oierrek, Hodeiren sakeari erantzutea eta partida piloteora eramatea lortzen badute, irabazteko  aukera izan dezakete,  aurkariak baino pilotariagoak direlako, eta horrek abantaila ematen die gureei. Ea lortzen duten partida euren aldeko jokora eramatea! 

Xuban Lopetegik eta Aitor Aristik ere Hardoytarrak taldeko bikoa izango du aurkari; Hodei Ondarts aurreko partidako bera, eta Jon Lafarge bikoaren kontra jokatuko dute. Oraingoan ere angeluarrak dira faborito; ligaxkan, Angelun, elkarren kontra jokatutako partidan, erraz nagusitu zitzaizkien irurarrei. Adituen ustez,  junior mailako bikoterik indartsuena osatzen dute Hodeik eta Jonek; aurrelaria,  arestian esan dudan bezala,  sakalari indartsua eta min handia egiten du sakearekin, eta Jon, atzelaria,  berriz, bi esku on izateaz gain, segurua eta tantua erraz amaitzen duen pilotaria da.  Gureak ere ez dira makalak; Xuban Lopetegi, Joxiren semea,  ere oso pilotaria da, <<Nolako enborra, halako ezpala>>, eta honek ere badaki tantua erraz amaitzen; Aitor Aristi, berriz,  oso ondo ari da azken boladan, pilota gutxiago galduz  eta  aukera duelarik,  tantua amaitzen ere ausartzen dena. Ea  euren maila emateko gai diren,    eta ezustekoa ematen diguten irurraroi.  

Horiez gain, finalerdietan eta baita finaletan ere,  ohiko bat dugun Joxi Lopetegi irurarra ere finalerdietan  izango da; ohi bezala Mikel Funosas izango du bikotekide. 

Aurkariak, berriz,  Bruno  Driolet eta Andoni Castera, Hardoytarrak taldekoak,    izango dira. 

Zorte on guztiei! 


 
 
 

Comments


bottom of page