top of page

Ostiralean, kale; larunbatean, bale!

Iparraldeko 24-25 Neguko Txapelketaren 2. Mailako final-laurdenetako kanporaketa zuten jokoan larunbat arratsaldean, Ametsa trinketean, Ametsako Matxalen Mendizabalek eta Markel Mujikak Baionako Aviron Bayonnais taldeko   Paul-Cassaing bikoaren kontra.

Ez ziren ondo hasi irurarrak, partidutik kanpo bezala, eta  konturatzerako, partida erdira iritsita,  9-20 galtzen ari ziren.  Hortik aurrera,  Matxalenek eta Markelek, euren jokoa zerbait hobetu bazuten ere, baionarrek, batik bat, Clement Cassaing gibelekoaren   joku onari esker,  aldeari eustea lortu zuten, eta garaipen erraz samarra (27-40) lortu zuten. Ondorioz, Matxalen, Markel eta, atzo ordezko izan zen, Oier Iturbe txapelketatik kanporatuak izan dira. Hala ere, euren alde esan behar da, oraindik gazteak direla,  eta  urteko txapelketarik  garrantzitsuenean  hartzen ari diren eskarmentua onugarria izango zaiela etorkizun epe ertainera. Garaipenak etorriko dira.  Jarraitu lanean! 

Larunbat arratsaldean, Unai Gibelaldek eta Oier Garmendiak  final-laurdenetako euren partida, Bros-Errotabehere hazpandarrei 40-31  irabazita,  finalerdietarako sailkatu dira. 

Hauek hobeto sartu ziren partidan, serio eta  motibazio puntu onarekin. Horrez gain,  Unai eta Oier,  Ximun eta Roman  hazpandarrak baino seguru eta sendoago ere  aritu ziren. Horrela, alde handiarekin(36-22) iritsi ziren azken tantuetara. Irurarrak, ordea,  gehiegitxo lasaitu  ziren, eta,   hazpandarrak, ezer galtzekorik ez, eta, jokoan zertxobait  arriskatuz,  tantu takada handi samarra eginda, dezente hurbildu zitzaizkien(36-28), eta gureak urduri samar jarri ziren.  Atseden bat eskatuta,  Unai eta Oier  apur bat lasaitu ziren, eta  arazotxo batzuk izan bazituzten ere, azkenean  partida ixtea lortu zuten, eta  arnasa  lasai hartu izan zuten, helburua lortuta. Finalerdietan izango dira! 

Aurkariak  zeintzuk izango diren oraindik  ez dakiten arren, datorren igande eguerdian, abenduaren 15ean,   jokatuko dute finalerdia, Hazparneko Berria trinkete ederrean.

 

 
 
 

Comments


bottom of page