top of page

Amaiera bikaina xarearen festari!

Ostiralean, ekainaren 26an, eman genion amaiera 25-26 xare denboraldiari Iruran, Xarearen festa ekimenarekin. 

Ametsa Pilota Elkarteak eta guraso batzuek bete-beteko egitaraua prestatu zuten.

Lehendabizi, II. Irurako Ostatua Xare Irekiaren finalekin ekin genion. 

Gazteak mailan, Paule Fernandez eta Izei Garmendiak 2-1(13-15/15-13/10-3) irabazi zieten Eneko Larrañaga eta Adei Gibelalderi. Lehen bi jokoak oso politak izan ziren; lehiatuak eta   maila onean jokatuak

Bikote bakoitzak bana irabazi zuen, eta kasu hauetan,   kittarako hirugarren jokoa jokatu behar izan zuten pilotariek. Hau, Paulek eta Izeik nagusitasun osoz(10-3) irabazi zuten. Ondorioz, Paulek -txapelketa jokatu duen neska bakarrak- eta Izeik jantzi zituzten txapelak. 

Nagusiak mailan, Matxalen Mendizabal eta Oier Garmendiak jantzi zituzten txapelak,  Ibai Larrañaga eta Markel Mujikari 0-2 (10-15/13-15) irabazita. Lehen jokoak hasera paretsua izan bazuen ere, erditik aurrera, Matxalenek eta Oierrek tartetxoa ireki zuten, eta, azkenean, erraz samar(10-15) irabazi zuten lehen jokoa. Bigarren jokoan, hil ala bizi atera ziren Ibai eta Markel, eta helburua lortzear izan ziren, 12-7/13-8 aurretik jartzea lortu zuten, eta kittarako jokoa jokatzera behartuko zituztela zirudien, baina azken txanpan Matxalenek eta Oierrek 0-7 partziala lortuta, jokoa(13-15) irabazi zuten, eta II. Irurako Ostatua Xare Irekiaren txapelak eta garaikurrak irabazi zituzten. 

Prestatuta zegoen bigarren ekimena, 25-26 xare eskolan ibili diren neska-mutilei oroigarriak eta sariak ematea zen. 

Ekimen oso polita izan zen; oroigarriak,  xare eskolan ibili diren neska-mutilen gurasoen, Gorka, Alkatea,  Idoia, Kirol zinegotzia eta Markel, Irurako Ostatuko ordezkariaren eskuetatik jaso zituzten. Oroigarriaz gain, opari bana eta goxoki poltsa batzuk ere oso gustura jaso zituzten neska-mutilek. 

Segidan II. Irurako Ostatua Xare Irekiaren sari banaketa izan zen, eta arestian aipatutako maila bakoitzeko txapeldunek eta azpi-txapeldunek euren sariak jaso zituzten.  

Eta sariekin amaitzeko, egitarauan agertzen ez bazen ere, Ametsa Pilota Elkarteak  Iruran xarearen alde egiten denarengatik, oroigarri bat eman zion Irurako Ostatutik etorri zen Markel ordezkariari.

Ondoren, trinkekoarekin amaitzeko, aurten xare eskola ibili diren neska-mutil eta irakasleekin 25-26 xare familia  argazkia egin genuen, eta kalejiran Irurako Ostaturaino hurbildu ginen. 

Eta amaitzeko, ezin bestela izan,   pilotari eta guraso batzuk, Irurako Ostatukoek prestatutako mokadu goxo bat dastatuz, bertan amaitu genuen eguna.

Besterik gabe, zorionak eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

26-27 denboraldia hasteko gutxiago falta da. Animo!!!


 
 
 

Comments


bottom of page