top of page

Faboritoak, nagusi!

Mendizabal-Mujika I eta Gibelalde-Iturbe bikoek irabazi egin zieten, hurrenez hurren, Larrañaga-Mujika II eta Lopetegi II-Huizi bikoei, ostiral iluntzean Irurako Ametsa trinketean jokatu zen Gipuzkoako Xare Txapelketaren lehen jardunaldian. 

Lehen partidan, Matxalen Mendizabalek eta Markel Mujikak ez zuten kupidarik izan (40-8)  Ibai Larrañaga eta Ander Mujika bikoarekin.  Hauen alde esan behar da, euren mailan oso ondo ari badira ere, Matxalen eta Markelen mailara iristeko, oraindik koska  bat edo bi falta zaizkie. Kontuan hartu, adinaren arabera,  bi maila altuagoan ari direla jokatzen,  eta hori adin honetan agerian geratzen da.  Irabazleak, Matxalen eta Markel, estuasunik  gabe, txukun eta eroso aritu ziren. 

Bigarren partida, Xuban Lopetegi- Gorka Huizi eta Unai Gibelalde-Oier Iturbe bikoen artekoa, estuagoa izatea aurreikusten zen, eta  lehen erdia horrela izan zen,   eta partida erdia, polita eta lehiatua ikusi ahal izan genuen.  Bigarren erdian, ordea,  Unai eta Oier jaun eta jabe izan ziren jokoan;    Unai ondo aritu zen defentsan, eta, horrez gain, asko asmatu zuen sakearekin;  Oierrek, berriz, nahieran jokatu zuen partidaren bigarren zatia; Xuban jokoz kanpo utzi zuen, eta jokoa atzean zamatuz, erraz  dominatu zuen Gorka; tantua amaitzeko izan zituen aukerak ere bikain baliatu zituen. Xubanek eta Gorkak partida beraiek espero bezala ez zihoala ikusita, azkarregi etsi zuten, eta,   azkenean, Unaik era Oierrek, erraz, 40-23 irabazi zuten estraineko partida.

Ondorioz, Mendizabal-Mujika I eta Gibelalde-Iturbe bikoek ligaxkako lehen puntua eskuratu dute. 





 
 
 

Comments


bottom of page